XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Andreak aitortu zidanez, semearen urtebetetzea zen, eta nirekin ospatu nahi zuen.

Maitasun hutsezko begirada egin zidan orduan, eta inoiz ere halakorik sentitu badut, une hartan sentitu nuen.

Alegia, edozer eginda ere, aldez aurretik barkatuta nengoela adierazten zidan begirada.

Umeei bakarrik egiten zaien begirada lañoa, bizitzaren joan-etorriek halabeharrez zikintzen dutena.

Bide batez esanda, ez dut espero, noski, halako begiradarik zuregandik.

Bazkalordua pozarren igaro genuen, berak burruntzalia eskuan, nik koilara ahoan, jakiak zein baino zein ahogozagarriago.

Lantzean behin andreak begiak txitxildu eta ikastetxeko kontuak galdetzen zizkidan.

Denetarik kontatu nion, nola hasi berria nintzen ikasten eta etsamina bat huts egin nuela Matematikako klasean.

Denbora gehiena marrazkiak eginez ematen nuela, eta nobelak irakurriz, batez ere Filosofiako orduan.

Berak ere zertxobait kontatu zidan.

Atzerrian zeukan semea eta bakar-bakarrik bizi zen.

Ez zen inoiz etxetik irteten eta erosketak ere etxera ekartzen omen zizkioten auzoko dendatik.

Bazkalondoan, irratia piztu eta arroz-opila eta kafesnea zerbitzatu zizkidan.

Kezketan hasi nintzen gure etxean ez ote ziren berantetsiak izango.

Hala ere, goxo-goxo nengoen gutapertxako besaulki more hartan andrearen begi argiei erreparatuz, konpainia ederrean.